LITERATURA

Xabier Letek idatzitako poema eta kantuen bildumak argia ikusi du

Poema eta abesti guztiak izenburupean, Alex Gurrutxagak eta Lourdes Otaegik Xabier Leteren ondare kulturala bildu dute hiru liburutan. Beharrezkoa zen argitalpena bost argitaletxeren artean ondu da (Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du.

Azken 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan den Leteren obran adituak diren Alex Gurrutxagak eta Lourdes Otaegik ia mila orriko lana sortu dute, eta bere heriotzaren 12. urteurrenaren atarian, haren poesiaren eta abestietako hitzen bilduma argitaratu dute.

Xabier Mendiguren editorearen hitzetan: “Xabier Letek mito horietako baten kategoria du: giza bizitzaren korapiloak norbere larruan sentiarazteko gaitasun horrengatik, gai sakonenak hurbil egiteko dohain harrigarri horrengatik, bere karisma izugarri horrengatik, itsasargi baten distiraz egiten du argi gaurik ilunenean ere.” Eta adierazi du tresnak behar ditugula mito horrek argi egiten jarrai dezan, era askotako tresnak, eta tartean bilduma hau.

Edizioaren prestatzaileek honako hau ere adierazi dute edizio berezi horretaz: “irakurle orokorrarentzat Lete ezagun bat badago, kantuak sortu eta abestu, bertsoak kantatu eta poema liburu gero eta landuagoak eta espiritualagoak egin zituena. Bada, hain zuzen, azaldu nahi genuen nola Leteren obra, ertz eta konplexutasun handiko bilakabide artistiko hori, estasi-une eta etsipen latzeko amildegietan osatu zen. Esplikatu beharra zegoen hori zerk eraginda gertatzen zen. Horretan saiatu gara”.

Lana hiru lanetan bildurik dator: lehenengo alean, lehen hiru liburuak bildu dira, 1968 eta 1981 artekoak. Hiru lan horietatik bik sariak jaso zituzten. Bigarrenean, azken hiru liburuak datoz: 1990 eta 2008 artekoak. Eta hor ere hainbat sari izan ziren; bereziki, Euskadi saria, Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin. Eta hirugarren aleak nobedadeak dakartza: han eta hemen agertutako abestiez eta poema solteez gain, argitaragabeko bi poema-sail eta beste hainbat abesti eta itzulpen ere bildu dira. Gurrutxaga eta Otaegiren  iritziz, poema horiek bildu dituen hirugarren liburukiak harrera ona izango du irakurleen artean: “Seguru gaude hirugarren liburukiak Leteren obra maite dutenen plazera eragingo duela, oroitzen edo aurkitzen ez zituen testuak ikusiko dituelako, ustekabeko gaiak kantatu zituela ikusiko duelako…”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button