
Bilboko Arrebato Zinema kolektiboak bi emanaldi klasiko ondu ditu hil honetan, BBK Aretoan: Richard Brooks zuzendari estatubatuarrak 1958ean estreinatutako Cat on a Hot Tin Roof drama, bihar, eta Blake Edwards estatubatuarraren The Party (1968) komedia gogoangarria, martxoaren 9an.
Tennessee Williams dramaturgoaren izen bereko antzezlanean oinarritzen da Cat on a Hot Tin Roof. Paul Newman eta Liz Taylor aktoreek antzeztua, familia, seme-alaba eta gurasoen arteko harremana, maitasuna eta hipokresia jorratzen ditu, besteak beste.
Brick (Paul Newman) eta Maggie (Elizabeth Taylor) senar-emazteak dira, baina une txarrak bizi dituzte, Brick alkoholikoa delako eta, gainera, ez duelako umerik izan nahi Maggierekin. Hala, Bricken aita zaharra bisitatzera joango dira, hiltzear baitago.
Bestalde, Blake Edwards zuzendariaren The Party Hollywoodek eman duen komedia onenetarikoa da. Peter Sellers bikainki antzeztua, komedia ero horrek garaiko hippie mugimenduaren eragin koloretsuak biltzen ditu.