ARTEA

Beste krisi batzuen lekukoak

Bilboko Alondegian gaur hasi eta urtarrilaren 30era arte ikusgai egongo da Argazkigintza Humanitarioko Luis Valtueña Nazioarteko Sariketan parte hartu duten argazki irabazleen erakusketa.
Munduko Medikuak elkarteak urtero antolatzen du sariketa hori.

Aurtengo edizio honetan 27 herrialdetako profesionalek 1.500 argazki baino gehiago aurkeztu dituzte eta epaimahaiak ebatzi du Fernando Moleres argazkilari bilbotarrari lehen saria ematea.
Egile honek Sierra Leonako kartzeletan adin txikikoek duten egoerari buruzko argazkiak aurkeztu ditu. Erakusketan 40 argazki daude, inoren ahotan ez dabiltzan beste krisi batzuen lekuko.

Joan den urteko otsaila eta abuztua bitartean Sierra Leonan gauzatu duen proiektu handiago baten lagina dira argazkiok. Argazkilari bilbotarrak begibistan jartzen du gainezka dagoen kartzela-sistema haren errealitatea, non gazteenak ahulenetan ahulenak eta kaltetuenetan kaltetuenak baitira.
Fernando Moleresek irabazi duen lehen saria 8.000 euroko lan-beka da, Munduko Medikuak elkartearen lan-arloetarikoren bati buruzko argazki-proiektua gauzatzeko ematen dena.

Fernando Moleresen lanez gain beste bi sarituenak ere ikusi ahal izango dira, batetik Javier Arcenillas argazkilariarenak, Hegoameriketako indarkeriari buruzkoak eta, bestetik, Riccardo Venturi argazkilariarenak, Haitiko lurrikarak eragindako hondamendiari buruzkoak.
Aurtengo erakusketan beste gai batzuei buruzko argazkiak ere badaude, esaterako Srebrenica-ko sarraskia, Indiako Kaxmirreko gatazka, homosexualen jazarpena Ugandan, hondakindegi informatikoak eta elektronikoak Afrikan, Kenyan lehorteak izaniko eragina eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera Italiako hegoaldean.

Vkcomunicacion-ek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button