MUSIKA

Capsulak psikodelia besarkatu du hirugarren lanean

Capsula rock hirukote euskaldun-argentinarrak hirugarren lana argitaratu berri du Bartzelonako BCore zigiluaren eskutik: In the Land of Silver Souls. Coni Duchess baxu jotzaileak atzo Bilbon aurkeztu zuen Izar&Star egitarauaren aurkezpenean adierazi zuenez, aurreko lanaren, Rising Mountains (BCore), jarraipena den arren, lan psikodelikoagoa da. Capsulak, izan ere, atzo aurkezturiko egitaraua zabalduko du apirilaren 7an.

“Kontzertuetako esperientzia psikodelikoa nabarmendu dugu, eta, era berean, baxuaren eta bateriaren soinu sendoago batekin uztartu dugu”, nabarmendu du baxu jotzaileak. “Oso pozik gaude emaitzarekin; Zuzenean aurkezteko irrikan gaude”, gaineratu du. Capsula, gainera, AEBetako Austin hirian egin ohi den SXSW musika jaialdian parte hartu du laugarrengoz eta harrera ezin hobea izan du jaialdiko hedabideen artean.

Lan berriari dagokionez, In the Land of Silver Souls-ek Capsularen ohiko rock labela daramaten hamar kantu biltzen ditu. Santi Garcia teknikari katalanak zuzentzen duen Ultramarinos estudioetan grabatu zen, eta AEBetan nahastu, ekoitzi eta masterizatu. Lehenengo biez John Agnello ekoizle ezaguna arduratu zen New Yorkeko Brooklyn auzoan. Masterizazioa, berriz, John Goldenek egin zuen Ventura (Kalifornia) hiriko Golden estudioetan.

Coni baxu jotzaile eta kantariaz gain, Capsula Martin Guevarak (gitarra eta ahotsa) eta Ignacio Villarejok (bateria) osatzen dute. Lehenengo biak argentinarrak dira, baina aspalditik bizi dira Bilbon. Hirugarrena, berriz, bilbotarra da. Taldearen jarioan rock’n’roll esparru zabaleko hainbat estiloren zantzuak antzematen diren arren, Stooges, Velvet Underground edo Rolling Stones bezalako talde klasikoen eraginak sumatzen dira, beti ere, gaurkotuta eta hirukotearen ukitu pertsonalarekin jantzita.

Ezlekubat atalean elkarrizketa

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button