
Udako oporraldia hemen bertan dugu, eta sasoi eguzkitsu horretan makina bat kontzertu izango ditugu Euskal Herriko hainbat herritan. Guk batzuk aukeratu ditugu.
Hasteko asteburu honetan, uztailak 26 eta 27, Bakio Sound jaialdia izango da Bizkaiko kostaldeko udalerri horretan. Hala, uztailaren 26an, Herriko erdigunean dagoen Txoberne tabernan kontzertu bikoitza izango da: Ilebet eta Lau Hare Ale.
Gainerako emanaldiak, Bermeotik Bakiorako errepidean dagoen 01 tabernan egingo dira uztailaren 27an. Bertan ondokoek joko dute: Anari (kantautorea, Azkoitia); Educados (rock dantzagarria, Bilbo); Kokoshca (pop-rock, Nafarroa); Violeta Vil (pop elektronikoa, Errioxa eta Kanariar Irlak); We Love Dolce Vita (elektronika, Bilbo); Locasl Only (bikote mozorrotua), Dr Baltz (reggae disko jartzailea), eta Fernando Carvalho (ambient).
Bestalde, Hondarribiko Psylocibe elkarteak 20. urteurrena beteko du aurten. Hori dela eta, kontzertu interesgarria ondu du abuztuaren 24an Zumardian. Agertokian Atom Rhumba, Guadalupe Plata eta Willis Drummond izango dira.
Tolosan, halaber, Bonberenea Sutan jaialdia egingo da abuztuaren 31n: Fermin Muguruza eta Kontrakantxa, Bad Sound System, Anai Arrebak, Zuloak eta Ziribulio Sound.
Bilboko Kafe Antzokia, bor-bor
Abuztuaren 17tik 25era, Bilboko Aste Nagusia izango da, eta Kafe Antzokiak egitarau interesgarria ondu du: 17an, Guadalupe Plata, Dead Bronco eta The Last Fair Deal vs Rory G; 18an, Israel Vibration eta King Burning Sound; 22an, Josh Rouse eta The Fakeband; 23an, The Riff Truckers eta Moby Dick & Band; eta, azkenik, 24an, Capsula, The Allnighters eta Screamin’ George & The Hustlers.



