Txapel Reggae jaialdiak kultura beltzarekin eta jamaikar erritmoekin beteko du Armintza larunbatean, uztailaren 13a.
Aurten kartel ederra osatu dute antolatzaileek, eta hala egun horretan, herriko portuan jarriko den Biobizz Portua Stage eszenatokian, Macka B eta Askala Selassie artista britainiarrak, Ashraff 30 senegaldarra, Lion Sitté, Ekuatoreko Ginea jatorria duen madrildarra, Emeterians talde madrildarra eta Pagasarri Ska All Stars talde bilbotarra arituko dira.
Gainera, edizio berri honetan, AfroDance masterclass bat izango da, AfricanVibes Dance taldearekin; arrazismoaren aurkako tailer bat, Betto Snay eta Marra Juniorrekin; eta, arratsaldean, Dub Stage zonaldean, Bomb Bass Hifiren sound system-arekin I-Man Cruz toaster lanetan, Soinu Beltzak, KWSK Ninja / Novato eta Ziztada & Rlantz + Komadü arituko dira.
Txapel Reggaeren sorreratik (lehenengo edizioa 1990ean egin zen), bi dira mantentzen dituzten oinarrizko ildoak: autogestioa (jaialdia Armintzako Jai Batzordeak AJB antolatzen du eta mila biztanle pasatxo dituen herri txiki honen zati handi batek altruismoz laguntzen du mila zereginetan) eta doakotasuna (neurri handi batean, batzordeko txoznen diru-sarrerekin eta kamiseten salmentarekin autofinantzatzen da).
Diogun moduan, Txapel Reggaea uztailaren 13an abiatuko da eguerdiko hamabietan Batukale Samba perkusio taldearen eskutik herrian zehar kalejira eta poteoa zuzenduz. Ordu berean, Dub Stage ondoan dagoen skate pistan, afrodance masterclass bat hasiko da, AfricanVibes Dance-k emana, eta azkenik, ordu batean, txosnan, arrazismoaren aurkako jolasaldi bat izango da, Diversity Enea, Betto Snay eta Marra Junior-rekin.