MUSIKA

Calvin Johnson musikari estatubatuarra Donostian eta Bilbon izango da

Calvin Johnson (1962, Olympia, Washington) AEB eszena underground independenteak eman duen musikari zintzoenetarikoa da. Bere irizpide independenteei ondo helduta, ibilbide musikal oparoa bezain interesgarria egin du, bai Beat Happening aitzindariekin, zein beste egitasmo batzuekin ere: Dub Narcotic Sound System, Halo Benders… Horretaz gainera, ekoizle, diskoetxe-sortzaile eta DJ ere aritu da.

Bada ostiralean, azaroak 13, Donostiako Garoa Kultur Lab lokalean izango da, 20:00etan, Paperezko Kontzertuak zikloaren baitan. Emanaldia Giorgio Bassmatti musikari donostiarrak gidatuko du. Biharamunean, halaber, Bilbon joko du, MEM jaialdi esperimentalak ondutako programazioaren barruan.

Fugaziko Ian MacKayeren pop bertsio gisa defini daiteke Johnson, izan ere, lehenengoak biziki maite du lehenengoaren obra eta jarrera. 80ko urteetan punk-rocka, eta batez ere hardcorea, puri-purian zeudenean, Johnsonek Beat Happening pop banda abiatu zuen. Hiru taldekideek ez zekiten jotzen, baina punk jarrera muturrera eramanez, instrumentuak hartu eta naif kutsuko pop kantu eta disko itzelak grabatu zituzten, The Cramps hirukote psychobillya The Smithsen diskografiarekin maiteminduko balira bezala.

Beat Happening-ekin garaiko aurreiritzi guztiak hautsi zituzten, betiere jarrera erabat autonomotik abiatuta, eta punk jaialdietan ere jo zuten, ikus-entzuleak zur eta lur utziz. Johnson, halaber, indie eszena ahots nagusi bihurtu zen, eta harrezkeroztik, bide luzea egin du: Dub Narcotic Sound System edo Halo Benders taldeetan musikari; K Records diskoetxean sortzaile, edo International Pop Underground Convention jaialdi aitzindarian antolatzaile.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button