IKUS-ENTZUN

Theo Angelopoulous eta Casey Affleck zinegileen filmak Donostian eta Bilbon

Donostiako Kresala taldeak 1998. urtean estreinaturiko Mia aioniotita kai mia mera (Theo Angelopoulous) filma proiektatuko du gaur 19:30ean. Izan ere, zineklubak oraintsu zendu den zuzendari greziarra omendu nahi du proiekzio honekin. Filma Zigor Etxebeste idazleak aurkeztuko du.

Filmak Alexander (Bruno Ganz) idazle bikainaren istorioa kontatzen du. Itsaso ondoan dagoen eta betidanik bere etxea izan dena uztear dagoela, bere gauzen artean bere emazte Annaren eskutitza aurkituko du. Gutunean duela 30 urteko udako egun bat kontatzen du. Filmak Canneseko sari nagusia lortu zuen.

Bestalde, bihar Casey Affleckek zuzenduriko I’m Still Here filma proiektatuko du bihar Bilboko FAS zineklubak Indautxu plazan dagoen El Carmen aretoan, 19:45ean.

Dokumental faltsu honen protagonista nagusia Joaquin Phoenix artista da. Izan ere, pelikulan zinemagintza utziko duela kontatzen da, hip-hop estiloko kantari izan nahi duelako; telebistan ere agertu zen hip-hop kantari gisa mozorrotuta. Guztia, Casey Affleckek 2010. urtean estreinaturiko filmaren muntaia zen. Affleck urtebetez aritu zen Phoenixen bizitza grabatzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button