MUSIKA

Haria ez da eten

Berri Txarrak-en disko berriaren aurkezpen-prentsaurrekoa gaur bertan izan da Bilboko Kafe Antzokian. Hortxe bildu dira Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) Kalifornia aldean ekoitzia izan den lan berriaz mintzatzeko. Eurekin batera Gotzon Barandiaran izan da “sentimenduen epika” dakarren diskoaren lehen zertzeladak emateko prest. “Zale bakoitzak bere kantua aurkituko du berrikuntzaz josita datorren disko honetan, izan ere, Haria honek badu disko bakoitzetik zerbait, baina era beran berritasunaren aurren gaudela sentituko dugu. Beraz haria ez da eten” esan du Barandiaranek.

Haria da Berri Txarrak-en disko berriaren izenburua, zazpigarrena hirukoaren ibilbide luzean. Ross Robinson (Slipknot, The Cure, At The Drive-In…) ezagunaren laguntzarekin,  Venicen (Kalifornia) ekoitzia izan den lan honek 12 kantu berri jasotzen ditu. Bertan elkartzen dira taldearen ezaugarri guztiak: rocka eta punka, pasioa eta amorrua, popa eta hardcorea, poesia eta ezinegona, melodia, eta batez ere indarra, “talde baten ahotsa, eta ez ahotsa instrumentu moduan”.

 

“Haria Ross Robinson ekoizlearekin izan dugun harremanetatik sortu den  lana da. Tipo honek gure mugetara eraman gaitu, eta horrela, lan honek duen energian sinesten dut, indar berezia dago disko honetan” adierazi du ahotsa jarri duen Gorka Urbizuk. “Melodien indarra nabarmena da, eta instrumentalki gordintasuna gordetzen du. Poparen zaletasunekin sortu dira melodiak, pasarte batzuk oso epikoak lortuz. Izan ere, edertasun melodiko baten bila abiatu ginen lan honekin, inprobisazio dezente badu ere”, jarraitu du Urbizuk.

Galder Izagirrek ere esan du “gauzak beste modu batean egin daitezkeela ikasi dutela, batez ere alde teknikoan. Haria lanean, guk  gugan ikusten ez genuen muga batera eraman gaitu produkzioak”.

Gaur bertan kaleratuko da diskoa, baina zuzenekoetan ikusi arte hilabete batzuk pasatuko dira, otsailean ekingo baitiote kontzertuak egiteari. “Zuzenekoak desberdinak izango dira, gaur disko aurkezten dugu eta hau produktu bat da, eta zuzenekoak beste kontu bat dira. Bertan, kantak beste modu batean janzten dira” adierazi du David Gonzalez baxu-jotzaileak.

Durangoko Azokatik ere pasatuko dira, eta Ahotsenea programan ere izango dira abenduaren 7an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button