IKUS-ENTZUN

Donostiako 20. Giza Eskubideen Zinemaldia hastear

Apirilaren 21etik 28ra bitartean egingo da Donostian Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioa. Betiko legez, gai interesgarriz beteriko makina bat film bildu dituzte programazioan.

Hego Euskal Herriko zinema aretoetan pantailaratuko den egun berean, apirilaren 21ean, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas lanak hasiera emango dio aurtengo zinemaldiari Victoria Eugenia Antzokian. Eta aurtengo edizioaren ateak itxiko dituen lana Toi non plus tu n’as rien vu (Véatrixe Pollet, 2022) Frantziako lana izango da.

Sail ofiziala potolo dator aurten, eta nabarmendu behar da hainbat euskal ekoizpen erakutsiko dituztela bertan, tartean, Tetuán (Iratxe Fresneda, 2022), Las buenas compañías (Silvia Munt, 2023), edota Karpeta Urdinak (Ander Iriarte, 2022). Ikusiko diren lanen jatorria ere askotarikoa izango da: Frantzia, Belgika, Iran, Lituania, Errumania, India, Bosnia Herzegovina, Herbehereak, Norvegia, Erresuma Batua, eta abar.

Ohi den bezala, jarduera paralelo anitz ere antolatu dira egunotarako. Tabakalerako zinema aretoan Zinema eta Memoria zikloaren baitan lan batzuk pantailaratuko dira: Everything Will Be OK (Rithy Panh, 2022), The March on Rome (Mark Cousins, 2022) eta Wanibik: The People Who Live in front of Their Land (Rabah Slimani, 2022).

Eta gaur berton, apirilaren 20an, 19:00etan, Giza eskubideak Afganistanen hitzaldia eskainiko du Nazima Nezrabi epaile afganistandarrak San Telmo Museoan. Bestelako jarduera osagarriak ere izango dira jaialdiak iraun bitartean: komiki erakusketa, booktrailer-a, tailerrak, Esna Tú online jokoa…

Programazioaren gaineko xehetasun guztiak Giza Eskubideen Zinemaldiak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button