LITERATURA

Tene Mujika bekaren sariduna Xabier Gantzarain

Xabier Gantzarain idazle eta arte-kritiko azkoitiarrak irabazi du aurtengo Tene beka, Euskal Herriko arte garaikidea eta historia lotzen dituen azterlana egiteko.

Euskal arte modernoaz aritzean, berehala datozkigu burura Chillida, Oteiza, Zumeta eta beste zenbait izen; alabaina, artista asko sortu eta garatu da geroztik, eta horietako batzuk ospea eta itzala lortu dituzte, bai gure herrian bai atzerrian. Egileak berak azaltzen duen moduan: “Arteak badu, arte plastikoek badute, beste arteekin alderatuta, ahalmen izugarri bat, indar berezi bat: zeinuak dira, maila sinbolikoan lan egiten dute, ikono bihurtzen dira. Irudiekin egiten dute lan, hitzekin, edozerekin, eta batuketa horretatik geure garaiaren beste irakurketa bat sortzen da, mass-medietatik bestelakoa, oso bestelakoa, baina haiena bezain beharrezkoa. Iragan hurbila aztertzerakoan, hemerotekak miatzea bururatzen zaigu, gertaerak aztertzea, testigantzak jasotzea, eta bai, egin beharreko lana da hori, baina gure asmoa iraganari beste begi batzuekin begiratzea da: historiari artearen aldetik heltzea, eta arteari historiaren aldetik, eta Euskal Herriaren azken 60 urteetako historia arte plastikoetan nola jaso den aztertzea.”

Proiektua gauzatzerakoan aztertuko dituen artisten artean daude, besteak beste: Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Saioa Olmo, Juan Perez Agirregoikoa, Maider Lopez, Itziar Okariz, Txomin Badiola, Sergio Prego, Iñaki Garmendia, Oier Etxeberria…

Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez.

Aurreko deialdian bikoiztu egin zen saria. Mikel Markez eta Pako Aristik elkarlanean aurkezturiko proiektua izan zen saridunetako bat: Benito, plazer bat izan duk, Benito Lertxundi kantariarekin urtetan egindako solasetan oinarrituta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button