ESZENA

Tartean konpainiaren “Alderray” lan berriaren estreinaldia

Arriaga Antzokiak Alderray Tartean konpainiaren ekoizpen berriaren estreinaldia hartuko du martxoaren 9an eta 10ean, 19:30etik aurrera.

Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako muntaia berria da Alderray, eta bere protagonistak Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre dira.

Alderray Martinezek interpretatzen duen pertsonaia da. Baina nolakoa da pertsonaia hori: “ehiztaria eta istorio kontalaria da, eta horretan eman du bizitza osoa, kalerik kale pertsona berezien bila, haien istorioak kontatu ahal izateko, borondatearen truke. Beti izan du horretarako sena, alderrai bizi izan da beti, askatasun osoan, baina jada ez da gaztea eta indarra galdu du, eta askatasun erradikal hori astuna bihurtzen hasi zaio. Une honetantxe bere bizitzan neska gazte bat agertu da, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina gazteak ez du ezer eskatzen trukean, eta ehiztariak laguntzaile gisa onartzen du”.

Kontakizun anitz ditu piezak eta bakoitza bien bizitzaren puzzlearen pieza bat da. Kontakizun bakoitzak aurrekoak baino argi gehiago egingo du, eta azkeneko pieza jartzean esanahi osoa duen irudia eskuratuko du ikusleak

Alderrayk bere buruaz dio: “Pertsonaien ehiztaria naiz. Eta istorio kontalaria. Eta eskale erraria naizela uste baduzu ez zara oso oker ibiliko ere. Nire ofizioa maite dut eta bere arauak errespetatzen ditut. Nik ez dut pertsonaiarik asmatzen, kontatzen dudan guztia benetan gertatu da, hiri honetan eta gaur egun. Ez naiz fikzio zalea”. Eta Morroiak ere beste zerbait dio: “Txikitatik entzun ditut Alderrayren narrazioak. Istorio horiek sakonki hunkitu ninduten. Nire bizitzaren jabe izateko adina bete nuenean, haren bila abiatu nintzen, ofizioa bere ondoan ikasteko. Orain Alderrayk zauria dauka ariman, eta nik badakit zergatik. Kontuak garbitzeko ordua da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button