IKUS-ENTZUN

Tabakalerako pantailan ziklo berriak

Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturako Zinema Unitateak, Elías Querejeta Zine Eskolak, SSIFF-Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak zine programazio interesgarria bideratuko dute urritik abendura arte.

Gaurtik (irailak 30) aurrera programazioa eskainiko da, eta besteak beste, Éric Rohmer, Pascale Ogier eta Kinuyo Tanakari eskainitako fokuak antolatuko dira.

Abendura arte Éric Rohmer (1920-2010), Nouvelle Vague mugimendu ezagunaren teorikoaren filmografiaren zati bat eskainiko da. Ziklo honekin batera, Pascale Ogier aktorearen (1958-1984, Paris) atzera begirako bat eskainiko da. Pascale Ogierrek Veneziako Zinemaldiko emakumezko aktore onenari ematen zaion Volpi Kopa irabazi zuen 1984an.
Kinuyo Tanaka aktore eta zuzendaria zinema japoniarraren historiako izarrik ospetsuenetako bat izan zen, eta izaten jarraitzen du. 250 filmetan baino gehiagotan aritu zen eta 1953an hasi zen zuzendari lanetan.

Urriaren 17an saio berezia antolatu dute, martxoan hil zen Rafael Berrio musikari, abeslari, poeta eta zinezale handiari omenaldia egiteko. Absolución. Canciones de Rafael Berrio (La Veleta, 2020) liburua aurkeztuko dute bertan.

Hasieratik. Zinema feministaren istorioak fokua ere bueltan dator, “zinearen historiaren kanonetik kanpo geratu diren emakume zinegileak eta haien filmak deskubritzen jarraitzeko, genealogia berriak, zinearen balizko istorio berriak osatu ahal izateko”. Lehen saioa, urriaren 31n izango da.

Tabakalerak beste zine-ziklo batzuk hartuko ditu, hala nola, Peio Aguirrek komisariatuta Kutxa Kultur Artegunea erakusketa- aretoan ikusgai dagoen Néstor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketarekin batera, urriaren 1ean proiekzio bat egingo da zine-aretoan.; urriaren 21etik 25era bitartean Liburutegiaren eguna ospatuko da, eta Can You Ever Forgive Me? (Marielle Heller, 2018) filma pantailaratuko da; Fantasiazko eta beldurrezko Zinemaren 31. asteak 3 film bertaratuko ditu; eta Fassbinder zikloaren proiekzioak irailaren 30ean hasiko dira berriz.

Zine programari buruzko informazio guztia tabakalera.eus webean duzue

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button