ARTEA

Tabakalerak eta Artium Museoak “Jarduera Artistikoen Institutua” bideratuko dute

Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Jarduera Artistikoen Institutua (Jai) sortu dute. Hiru hilabetez, 16 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz sektoreko tutore profesionalek lagunduta. Parte hartzeko deialdia martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.

Datorren udan ateak irekiko dituen Jarduera Artistikoen Institutua artistei zuzendutako ikasketa-programa da, ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko dituena.
“Institutuak ekainean irekiko ditu ateak, eta, hiru hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Prestakuntza Tabakalerako Sortzaileen Gunean izango da, ekainaren 1etik abuztuaren 30era bitartean, eta, gainera, abuztu amaieran fase publiko bat garatuko da Artiumen, non ikasketa programan parte hartzen dutenen lan prozesuak edota proiektuak aurkeztuko diren.”

Irakasleen taldea zabala da eta  eragile profesionalek osatuko dute: Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira institutu berriaren tutoreak, eta irakasle lanetan, besteak beste,  Katinka Bock, June Crespo, Moyra Davey, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency, Lily Reynaud Dewar eta Camila Sposati arituko dira.

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 31ra arte. Ebazpena apirilaren 10ean jakinaraziko da.

Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren webgunean eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena. Hor ere, informazio guztia kausituko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button