LITERATURA

“Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)”

Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948) Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) poema liburua (Elkar) aurkeztu zuen atzo. Joan Marik igorri dizkigu bere poemak, non Lehenengo gau-kolpea, Bigarren gau-kolpea eta Bizitzak aurrera darrai  izeneko hiru ataletan, gaixotasun baten diagnostikoaren ostean sortu zitzaion depresiotik irten nahian egindako ahalegin poetikoa kontatzen den, modu gordin eta garratzean.

Duela urte batzuk disartria diagnostikatu zioten, eta horren ostean depresioa igaro zuen. Bi eremu horien ostean baina, tartetxo bat zabaltzen zaio itxaropenaren argiari.

Kontrazaleko testua hauxe da:  “Kontua, izan ere, zera da, iaz ere betean harrapatu zintuela gau ilunak, ustekabean harrapatu ere: egia da zortzi bat hilabete lehenago esklerosia zenuela esan zizutela, baina egia da, halaber, ezin hobeto hartu zenuela berri gaiztoa, ohiko bizimoduari heltzen zeniola, zeure buruarekin lasai, lanean ere gustura, orekak eta bizipoz mehe batek hartua, haize leunaren fereka noiznahi bisitari: egun batean, baina –azpilanean ari ote zitzaizun inkontzientea, bizitzan bizi izandako tentsio guztiak azaleratu nahian, esklerosiaren berri gaiztoa jakin orduko…?–, lo egiteko zailtasuna nagusitu zitzaizun berriro, hurrengo egunean berdin, eta hurrengoan eta hurrengoan… eta, ohartu zinenerako, zulo azkengabe batean aurkitu zenuen zeure burua, satorren munduan eta infernurik gorrienean, gaixo, inoiz ez bezala gaixo”.

Bizitzaren altxorrari buruzko lan hunkigarria da, zinez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button