
Deabru Beltzak, kale antzerkiko euskal konpainiak Su Talka perkusio eta piroteknia nahasten dituen ekoizpen egingo du Umore Azokaren programazioaren barruan, gaur, hilak 15.
Su Talka gaueko ikuskizun ibiltaria da, sei aktore eta musikari dituena, eta betiko legez, dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia uztartzen dituena. “Lan honetan txinpartak sortzen dituzten danborren talka, transmititzen den beroa, erritmoa eta argia ekartzen dira gogora. Ikuskizun harrigarria, publikoarekiko topaketa eta elkarreragina sustatzen duena”.
Euskal Herriko inauteri zaharrenetako eta enigmatikoenetako batean oinarritutako sorkuntza da taldearena: “Altsasuko Inauteriak. Indarrez eta misterioz beteriko ospakizun zahar honek Momotxorroen irudi harrigarriarekin konektatzen gaitu ; irudimen kolektibotik sortzen diren pertsonaiak, transgresioaren, identitatearen eta errituaren ikur bihurtuta. Erritmoa eta sua, konpainia horren ikur ezaguterrazenak – milaka urteko inauteri honen esentziarekin bat egiten dute, garai, hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko talkaren bidezko ikuskizun bat sortuz”.
Deabru Beltzak taldea 1996an jaio zen, Euskal Herriko hainbat talde profesionaletako aktoreen eskutik. Bost kontinentetan eta 40 herrialdetan baino gehiagotan aritu dira, eta Euskal Herriko konpainiarik internazionalena izatea lortu dute.



