MUSIKA

Lurra eta Bikustik proiektu berriak

Hiru urtez isilik egon ondoren, Iñigo Muguruza (Irun, 1963) musikaria berriro agertokietan ikusteko aukera izango da, oraintsu osatu duen Lurra egitasmo akustikoari tarteko. Halaber, Jon Gurrutxaga (Jon & Sugramas, Arima Beltza, Uek) eta Patxi Zabaleta (Andrakan, Arima Beltza, Sinuose) musikariek Bikustik izeneko bikote akustikoa osatu berri dute.

Hala, bost abestiko lana ondu du Tolosako Bonberenean Karlos Osinaga Txap teknikariaren laguntzarekin. Kantuok formatu akustikoan grabatu ditu eta blues, regga, bossa nova estiloetatik edaten dute, besteak beste. Europako eta Afrikako zenbait herrialdeetako folk ukituak ere badira. Muguruzak gitarra jo du eta bi doinuren hitzak egin ditu. Gainontzeko kantuen letrak Ane Garcia abeslariarenak dira. Gaiei dagokienez, gure planetak bizi duen egoera da ardatzetako bat. Carlos Zubikoa Sagarroi taldeko baxu-jotzaileak eta Ander Larrañaga darbuka eta kajoi jotzaileak osatzen dute Lurra laukotea.

Dagoeneko zenbait emanaldi lotu dituzte, eta estreinaldia bihar, irailak 22, egingo dute Irungo Kabigorri ateneoan. Musikariaren asmoa kontzertu txikiak egitea da, eserita ikusi eta entzuteko.

Kontzertuetan, gainera, zenbait bertsio ere egingo dituzte, tartean, Pixies talde estatubatuarraren Where is My Mind kantu ezaguna, BAP!-en Ez dut ezer esan nahi, eta Sagarroiren baten bat.

Bikustik

Bikustik 2008ko maiatzean eraturiko egitasmoa da, eta rock estiloko doinu klasikoak eta kantu garaikideak uztartzen ditu modu akustikoan. Bikote elgoibartarra Jon Gurrutxaga (Jon & Sugramas, Arima Beltza, Uek) eta Patxi Zabaleta (Andrakan, Arima Beltza, Sinuose) musikariek osatzen dute. Euren emanaldietan Beatles, Led Zeppelin, Rainbow edo Queen rock talde klasikoen bertsioak egiten dituzte. Gaur, kontzertua emango dute Markinako Uhagon kulturguneko terrazan, 20:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button