IKUS-ENTZUN

Stanley Kramer zuzendariari buruzko zikloa Iruñean

Nafarroako Filmotekak Stanley Kramer (AEB, 1913-2001) zuzendari eta ekoizle klasikoari buruzko zikloa abiatu du hil honetan zinegilearen urteurrenaren harira.

Hala, etzi, otsailak 15, Inherit the Wind (1960) filma proiektatuko da, eta otsailaren 22an, berriz, Guess Who’s Coming to Dinner (1967). Biak ala biak Kramer-ek zuzenduta. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira. Aurretik estatubatuarrak ekoitziriko bi pelikula ikusi ahal izan dira: Fred Zinnemann zuzendariaren High Noon (1952) eta Edward Dmytryken The Caine Mutiny (1954).

Kramer bere amonarekin bizi zen New York hirian, eta gaztetatik izan zuen harremana zinearen industriarekin, bere osaba Earl Kramer Universal Pictures ekoizpen-etxeko filmen banaketan lan egin baitzuen. Gerora zuzendari eta ekoizle bihurtuko zen gaztearen ama ere Paramount Pictures-eko idazkaria izan zen. Kramer zuzenbide ikasketak egiten hasi zen, baina karrerako azken urtean 20th Century Fox konpainiako gidoilarien sailean lan egiteko aukera izan zuen. Bere zine ibilbidea bi zatitan banatzen da, batetik, Columbia Pictures-en egin zuen ekoizle lana; eta bestetik, bere zuzendari jarduna. 1979koa da bere azken filma, The Runner Stumbles, eta 2001ean hil zen, baina aurretik A Mad Mad Mad Mad World: A Life in Hollywood izeneko autobiografia idatzi zuen.

Bestalde, gaur bertan John Schlesinger zinegileak 1968an estreinaturiko Midnight Cowboy film estatubatuarra izango da ikusgai, 20:00etan, Ezinbesteko Zinema zikloaren baitan. Programa horren barruan Rainer Werner Fassbinder zuzendariaren Angst Essen Seele Auf (Alemania, 1973) eta Theodoros Angelopoulosen O thiassos (Grezia, 1975) proiektatuko dira, otsailaren 20an eta 27an, hurrenez hurren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button