ESZENA

Sormenek udazkeneko egitaraua osatu du

Sormene jaialdiak udazkeneko programazioa haizatuko du Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, azaroaren 10etik 13ra bitartean. Betiko legez, euskarazko sorkuntza izango da ardatza.

Gaur berton, azaroak 10, abiatuko da garai onetako ekitaldia Eider Eibarrek gidatuko dituen ikasleentzako ilustrazio tailerrekin. Bertan hainbat gai aztertuko dira, tartean, amatasuna, sorkuntza, transmisioa eta euskara.

Arratsaldeko 19:00etan lehen emanaldia antolatu da: Ane Labakak eta Miren Amurizak (bertsolari eta idazleak) Euskaraldiaren aldeko ikusgarria egingo dute. Geroago, Esti Markezek (musikaria) eta Danae Riañok (musikaria eta aktorea) Hitzekin jolasean disko berriaren lagin bat eskainiko dute, eta azkenik, Nagore Muriellek (zinemagilea) Erro bi film laburra aurkeztuko du.

Azaroaren 11n, dantza tailerra izango da ikasleentzat goizean Oier Araolazaren eskutik. Arratsaldeko 20:00etan, Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak dantza eta bertsoa uztartzen dituen AMAraun ikuskizuna egingo dute.

Larunbatean, azaroaren 12an, Marie de Jongh konpainiak Amour pieza eskainiko du. Obra berezia da oso, izan ere, hitzik gabeko ikuskizuna da, hortaz, ideiak eta sentimenduak keinuen bitartez transmititzen dira. “Amour testurik gabeko ikuskizuna da, helduen antzerkia umeentzat eta umeen antzerkia helduentzat”. Antzezlanak ondokoa kontatzen du: “Ume batzuk jolasean ari dira dena hastear dagoen herrialdean. Mundua deskubritzen dabiltza, beren unibertsoa itxuraldatuz. Nagusiak imitatzen dituzte, ausart eta ozar. Maitatzeko gai direla sinistuta daude, maitasunaren sakonera arrotza zaien arren”.

Gauean, 22:00etan, musikaren txanda izango da eta Neomak taldeak bere diskoa aurkeztuko du.

Azkenik, igandean, azaroaren 13an, 19:00etan, antzerkia egongo da ikusgai. Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean, Lore More antzerki konpainiaren Trapu zikinak eskainiko da. Lanak errefrau batean du oinarria: “Trapu zikinak etxean garbitzen dira esaten bada ere, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, bertze errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertzen ahal dugu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak. Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak? Zeri esaten diogu “zikin”? Zertaz hitz egin ahal da? Zer hitzekin? Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikineria izanen dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button