MUSIKA

Sopela Kosta Fest, musika, natura eta surfa

Hil honen 24tik 27ra bitarte, Sopela Kosta Fest jaialdia egingo da, eta musika izango du ardatz nagusia. Hala, ondoko taldeek joko dute aipatutako egun horietan: Zea Mays, Belako, Amparo Sánchez (Amparanoia), Los Coronas, Smile, Yellow Big Machine, Clarisse, Gibelurdinek eta The Longboards. Horiekin batera, hainbat DJk jardungo dute.

Emanaldiak Sopelako udaletxe aurrean jarriko den karpan egingo dira. Sopelako Udala da, hain zuzen ere, ekimenaren antolatzailea, eta ohar bidez jakinarazi duenez, “(jaialdiaren) osagai nagusietako bat musika izango da, naturaren babesarekin eta surfarekin batera”. Hain zuzen ere, surfarekin lotutako ekitaldiak hondartza inguruan egingo dira.

“Musika eskaintza zabala, publiko eta gustu ezberdinei zuzendua, baina surf-kutsu handiarekin”. Surf kutsuko musika jorratuko duten talde nagusiak Los Coronas espainiarrak eta The Longboards bizkaitarrak izango dira. Biak ala biak rock-and-roll instrumentala jotzen dute.

Jaialdiaren bitartez, naturaren babesa indartu nahi da, izan ere, azken hilabeteotan, Sopelan hainbat ekimen burutu dira jasangarritasuna bultzatzeko asmoz, eta horri bultzada emate aldera, jaialdian naturaren babesa aldarrikatuko da, tailer eta ekimen ezberdinen bidez.

Bigarrenik, surfa ere protagonista izango da. Surfarekin lotutako hainbat txapelketa eta tailer antolatuko dira data horietan, Sopelak surfaren munduan duen izena indartzeko asmoz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button