
Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioaren barruan, hamabi film proiektatzen ari dira urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Filmekin batera, hainbat gairi buruz, hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango da.
Egunotan, Zinema eta Zientzia zikloaren baitan, Frankenstein eta The Bride of Frankenstein filma famatuak pantailaratzen ari dira. “Henry von Frankenstein doktoreak esperimentu ilun bati ekin dio: gorpu-zatiak erabiliz, gizaki berri bat eraikitzea. Gauez hilerrietara joaten da, gorpuetatik behar dituen zatiak erauzteko. Ondoren, Praetorius doktore gaiztoak munstroarentzako lagun bat egitea proposatu dio zientzialariari.”
Filma atzo eman zuten Artium Museoan; gaur, hilak 21, Tabakaleran izango da ikusgai; bihar, Bilboko Bizkaia Aretoan; eta 25an, Iruñeko Golem Zinemetan.
Zikloak pantailaratuko dituen beste lan batzuk honako hauek dituzue: The Thing (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa; Kampen om tungvannet (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat; Djúpiò (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma. Azkenik, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000), eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) emango dira.
Eta goian aipatu dugun bezala, hainbat hizketaldi eta hitzaldi antolatu dira puntako aditu batzuekin. Noiz, non eta zer zehazkiago jakiteko, egin klik hemen.