
Gaur goizean, Azkuna Zentroak Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak erakusketa aurkeztu du. Bihartik urtarrilaren 14ra arte izango da ikusgai Xabier Arakistainek komisariaturiko erakusketa.
Azkuna Zentroak, beste behin, generoa eta ikuspegi feminista lantzen dituzten emakume artisten aldeko jarrera erakutsi nahi izan du, aurreko erakusketekin egin duen bezala, kasu honetan, arte feministaren aitzindaria izan den artista britainiar honen formatu handiko Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak atzera begirakoaren lehen erakusketarekin.
Ibilaldi artistiko luzeko egilea da Margaret Harrison eta kasu honetan, 1971n jarri zuen banakako lehen erakusketatik azken obren kontzeptuetarainoko laginak izango dira ikusgai, eta guztiak lan- eta sexu-esplotazioari buruzkoak dira, obra enblematikoak eta oraintsuagoko piezak, begirada feministaren auzian ardaztuta.
Mitikoa lehen erakusketa hura izan zen, inaugurazioaren hurrengo egunean poliziak itxi egin zuena, eta hainbat urte pasa ostean, erabat arrakastatsu bilakatu dena. Garai hartako lanak desagerrarazi zituzten indezenteak zirelako, dezentziarik ez zutelako (Hugh Hefner Playboy aldizkariko zuzendaria, untxitxo baten gisa irudikatuta zuen pieza bat zuelako), izan ere, Harrisonek emakumeen kontra-begirada abiarazi zuen eta emakumea begiratzeko zeuden parametro guztiekin gizonak begiratu zituen.
Erakusketarekin bat eginez, bisitak eta parte hartzeko tailerrak antolatu dira. “Erakusketak lantzen dituen kontzeptuetara hurbilduko gara, parte-hartzean oinarritutako metodologia baten bidez, praktika artistikotik abiatuta eta artistaren ibilbideari eta obrari buruz hausnarketa egin nahian” esan du Azkuna Zentroak.



