
Xabier Idoatek teknologia, grafika eta narratiba uztartzen dituen Fiktiograf izeneko erakusketa-tramankulua inauguratuko du ostiralean, azaroak 23, Huarte Arte Garaikideko Zentroan.
Proposamena paperean, liburuetan eta proiekzio efimeroetan zabaltzen da, bai eta kultura askeko praktiketan, creative commons lizentzietan, eta kopia digitalen deskargatan ere.
Hala, formatu handiko Fiktiograf erakusketa hiru lanek osatzen dute: ZZZZ izenekoak 15 liburu jasotzen ditu; Delirio, berriz, muralekin, proiektoreekin eta webcamekin egina dago, eta, azkenik, Arkidram esparru grafikotik abiatzen da.
Xabier Idoate hiper-artisten lehendabiziko belaunaldiko kidea dela esan daiteke, infografiatik forma anitzeko hiper-artera, konbinagarria eta interaktiboa. Egun irakaslea da UPV-EHUko Arte Ederren Fakultatean eta espezialista grafika digitalaren aplikazioetan, diseinuan, ilustrazioan, pinturan eta bideoan.
Zenbait proiektu eta ikerlan zuzendu ditu: Bitarteko elektronikoak eta euskarri piktorikoak (1992), eta Teknologia digitaleko aplikazioak euskarri fotografikoetan, eta formatu handiko grabatua (1997).



