LITERATURA

Sandra Garayoak eta Itziar Otegik “Lorerik Gorriena” albuma plazaratu dute

Aurtengo Etxepare saria Sandra Garayoak eta Itziar Otegik eskuratu zuten Lorerik Gorriena obrarekin, eta orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

“Lorerik Gorriena albumak gutako bakoitzaren bizitzan gertakari handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain.”

Aurtengo edizioan, Leire Salaberria (ilustratzailea), Patxi Zubizarreta (idazlea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina) izan dira epaimahaikideak, eta honakoa izan da egin duten lanaren gaineko balorazioa: “Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia.  Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin”.

Sandra Garayoa (Donostia, 1993), diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Bartzelonako Escola Massanan. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu da. Une honetan hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil.
Itziar Otegi Aranburu (Oiartzun, 1972) itzultzaile-interpretea da lanbidez. Hainbat literatura-lan itzuli ditu helduentzat eta haurrentzat, besteak beste, Axenario (Jules Renard), Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Flannery O’Connor), Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk (Etgar Keret), edo Tiger Lily: Heroi bat sortu da! (Maeve Friel). Azken horrekin, Vitoria-Gasteiz haur eta gazte literaturako itzulpen saria jaso zuen 2014an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button