LITERATURA

Poesia zinemaren begiradapean

Aurtengo Bilbaopoesia literatur jaialdiak poesia eta zinema bikoteari botako dio begia. Hortaz, zinemaren poesian, zinegileen poesian, edota poesiaren irudian esplorazio bat proposatzen du aurtengo ekitaldiak, bere barnean biltzen den egitarauari esker. Hala, urriaren 15etik 23ra, Bidebarrietan egingo den Bilbaopoesian Pasolini, Cocteau edo Aitzol Aramaio bezalako zinegile eta idazleen gainetik egingo da berba.

Gabriel Arestik ez dio hutsik egingo poemez betetako asteari, izan ere, bera izango da lehen eguneko protagonista. Hortaz, datorren astelehenean, jaio zen egunarekin bat etorrita, Patxo Telleriak zuzendutako Diot (2005) dokumentala eskainiko da.

Asteartean, urriaren 16an, Pier Paolo Pasolini zuzendari italiarraren irudiaren inguruko hitzordua dago. Juan Barja idazleak zinegileari buruzko hitzaldia eskainiko du, eta horrekin batera bere film poetikoenetako batzuen zenbait zati eskainiko dira. Hitzordu berezi horretarako, Alex Angulo aktore bilbotarrak Pasoliniren zenbait poema irakurriko ditu.

Urriaren 19an, Aitzol Aramaio zinegile euskalduna ere astearen protagonista izango da Kirmen Uribe, Unai Elorriaga eta Jon Kortazar adituen eskutik. Terminal film laburra eskainiko da.

Eta zinemarekin jarraituta, Jean Cocteau zuzendari frantsesa ere presente egongo da aste poetikoan. Eleonore Antzenberger ikerlariak, Cocteauren filmografian eta lan poetikoan espezialista denak, hitzaldia eskainiko du urriaren 22an.

Urriaren 17an, 2006ko Cervantes Sariaren irabazlea den Antonio Gamoneda joango da Bilbora eta berarekin batera Jose Fernandez de la Sota idazlea egongo da mintzatzen, poetaren zeregin poetikoa erakusten duen lan zinematografikoaren irudiak ikusten eta poemak irakurtzen.

Urtero bezala, Zurgai aldizkariak ale berria aurkeztuko du (urriak 18), Galatea taldeak Poemagografía poesia eta musikazko ikuskizuna egingo du (urriak 21), eta urriaren 23an, Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortegaren ahotsak lagunduta, zinemak eman dituen kantarik aipagarrienak entzuteko parada ere egongo da.

Informazio gehiago eskuratzeko www.bilbao.net webgunean begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button