
Zentro-museoaren erakusketa honek katastrofe kontzeptua aztertu nahi du gizarte garaikidean. Erakusketa honen bidez pertsona baten bizitzan zein eratako katastrofeak gerta daitezkeen hausnartuko da, horretarako elkarrizketarako gune bat sortuko da jarduera eta lantegietan bakoitzak katastrofearen aurrean diren sentipenak hitzez adierazteko eta gauzatzeko. Zortzi artelan biltzen ditu erakusketak, eta tartean margolanak, argazkiak eta eskulturak daude.
Izan ere, erakusketak kutsu pedagogikoa izango du, beraz, zer ikas dezakegu honekin guztiarekin?. Katastrofe bat naturala izan daiteke, baina baita emozionala, banakoarena, familiakoa edota taldearena ere. Pertsona batek beste norbait, lana eta abar gal ditzake, edota katastrofe izan daitekeen beste zeinahi esperientzia gerta dakioke. Horrela, erakusketaren xedea pertsona baten bizitzan gerta daitezkeen katastrofeei aurre egiten eta modu positibo batean konponbide bat aurkitzen laguntzea da.
Erakusketan Artium Bildumako lanak daude ikusgai, eta katastrofe kontzeptua aztertu nahian, obra bakoitzaren ondoan galdera bat dago. Rogelio Lopez Cuenca-ren argazkiarekin adibidez (Welcome to Paradise) irudiaren eta hitzen artean dagoen kontraesana aztertzea eskatzen da. Valeriano Lopez-en tamaina handiko argazki batek (Top Balsa) immigrazioaren inguruan gogoeta eginarazten du, norantz doaz pertsona hauek?, galdetzen du argazki oinak. Galderen ondoren, bisitariek era askotako jarduera eta lantegietan parte hartuko dute, bakoitzak bere interesen arabera. Hezkuntza jarduerak zentro-museoan ikusgai dauden lanei lotuak daude; beraz, taldeak proposatzen duen gaiaren arabera, erakusketa batzuen eta besteen obren inguruan gogoeta egingo da.