ESZENA

Ramon Bareak zuzendutako “El viaje a ninguna parte” lana, Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokiak Ramon Bareak zuzendutako El viaje a ninguna parte lanaren berria estreinatuko du bihar, urtarrilaren 14an, eta ondoren, zazpi emanaldi eskainiko dira hilaren 24ra arte, guztiak 18:45ean. Antzezlana Madrilgo Fernan Gomez Antzokiarekin egindako koprodukzioa da. 2021 honetan 100 urte beteko dira Fernan Gomez jaio zenetik, eta gainera Bareak berarekin lan egiteko aukera izan zuen Vivir loco, morir cuerdo obran.

Ramon Barea antzezle eta zuzendari ezagunak Ignacio del Moralek antzerkira egokitutako Fernando Fernan Gomezen eleberri eta film arrakastatsua hartu du oinarri gisa lan ikusgarria osatzeko.
El viaje a ninguna parte obrak komikoen lanbideaz dihardu; ogibideaz mintzo da, benetan bokaziozko denaz, bizitzaz eta erresistentziaz. El viaje a ninguna parte “antzerkiaren arte honen etengabeko metafora bilakatu da, funtzio bakar eta errepikaezin bakoitzean birsortzen den antzerkiarena”.

Barea, zuzendaria izateaz gain, antzezleetako bat ere bada eta Don Arturorena egiten du, eta  berarekin, Patxo Telleria, Mikel Losada, Itziar Lazkano, Irene Bau, Olatz Ganboa, Diego Perez eta Adrian García de los Ojos antzezleak arituko dira.

Ramon Bareak esaten duenez, “antzezlanaren oinarrian dagoen eleberria komiko batek egin du, komikoen seme eta komikoen artean hazitakoak, eta badaki zertaz, nola eta zergatik hitz egiten duen. Oroimena du. Bizitza du. Horrelako kontuak bizitzen badira bakarrik uler daitezke. Horregatik, gurekin etortzea izango da onena, ikuslea bidaia honetara gonbidatzen dugu. Guk bidaiarekin aurrera jarraitu arren, zuek nahi duzuenean utz dezakezue. Antzerkia besterik ez da, baina… pozoia du, antzerkiak pozoia du. Goazen, autobusa badoa eta!”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button