IKUS-ENTZUN

Txikito bete odol

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Zinemaldi Fantastikoaren 21. edizioa gaur goizean aurkeztu dute Ibone Bengoetxea Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazio Zuzendariorde eta FANT-eko Zuzendariak eta Eugenio Puerto FANT-eko programatzaileak. Jaialdia maiatzaren 8tik 15era garatuko da.

Edizio honetan nazioarteko 13 film luze eta lehiaketara aurkeztuko diren 22 film labur eskainiko dira.

Hasteko, inaugurazioaren egunean, Keeling anaiek ekoizturiko The House on Pine Street film luzea ikusteko abagunea egongo da. Beldur psikologikoko drama horren Europako premierea, maiatzaren 8an, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian eginggo den FANT 21en inaugurazio ekitaldian aurkeztuko da.

Aurtengo ekimenean, izen handien bilketa egin da. Adibidez, genero horretako izen handiei omenaldia eskainiko zaie, eta hala, Hayao Miyazaki zinegile japoniarraren lanak pantailaratuko dira, edo duela denbora gutxi hil den Álex Angulo antzezleari omenaldia egingo zaio, Álex de la Iglesiaren El día de la bestia lanaren emanaldiarekin.

Baina badago gehiago. M. Night Shyamalan zinegileak idatzi eta zuzendu duen Wayward Pines telesailaren estreinaldia; Pavel Khvaleev zinegilearen III lana; Chris W. Mitchellen The Pool; Michael R. Stevesen Clinger ; edota Chad Archibald zuzendari polifazetikoaren The Drownsman, besteak beste.

Film batzuk, The Man in the Orange Jacket, The Drownsman, Among the Living eta Autumn Blood euskarazko azpi-tituluekin ikusi ahalko dira. Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztu dituzten 11 lanak jatorrizko bertsioan (gaztelaniaz) ikusi ahal izango dira, euskarazko azpi-tituluekin, Campos Antzokian.

Panorama Fantastikoa, Ikus-entzunezko Abentura, Fanteskola, Fant Laburrean, Fant Maisuak eta bestelako sekzioekin beldur itogarriaren ferekarekin gozatzeko -edo sufritzeko- aukera izango du zaleak.

Horiek guztiak zeintzuk diren jakiteko, eta batez ere ordutegia, noiz eta non izango diren saioak ikusteko, FANT jaialdiak duen webgunean begiratzea duzue onena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button