IKUS-ENTZUN

Argiz beteriko mundua

Anwar (Argiz beterik) izeneko filma aurkeztu dute gaur goizen Bilboko Euskalduna Jauregian Bizkaiko Diputazioren Euskara eta Kultura Saileko diputatua Lorea Bilbaok, EKI Fundazioaren zuzendari Nuria Lopez de Guereñuk, Rosa Garcia Loire zuzendariak, eta Alex Txikon alpinistak. Filma larunbatean, hilak 2, pantailaratuko da, Euskalduna Jauregian, 18:30ean hasita.

Film dokumentala, Nepal, Sierra Leona eta Pakistanen grabatu da, eta Manaslun Txikonek egindako neguko espedizioa oinarri hartuta, bestelako ikuspegiak zabalduko ditu elkartasunaren ildotik.

Espedizioaren ostean, Nepaleko alderik pobreenetako herri batera abiatu zen mendizalea, EKI fundazioaren laguntzaren bidez, eguzki-panelak jartzeko asmoz. Ekintza sinplea bezain potentea da: argia iluntasuna dagoen tokietara eramatea. Eta gero gauza bera egin zuen Pakistanen, eta Afrikan, Sierra Leonan. Argiak pobrezia desagerrarazteko bide harrigarria da, eta ekintza horrekin eskolek eta ospitalek beste autonomia bat errekuperatzen dute. Proiektuek jarraipena izango dute EKI Fundazioaren egoitzatik, eta beren iraupena bermatuko da.

Alex Txikonek jasangarritasunarekin bat egin zuen bere espedizioan, eta handik hona ekimen solidarioetan parte hartu du, “pertsonekin benetako baloreak partekatzea gauza handia baita”.

Anwar filmak gure bizimoduaren antzekotasunik ez duten beste bizimodu batzuetara eramango gaitu, eta bertako bizitzaren krudeltasuna erakutsiko du. Baina era berean, kontu sinple batekin, argiarekin, bertako miseriak desagerraraz daitezkeela erakutsiko du.

Mundu hobe baten itxaropenak argia ekarriko du, eta film horretan erakutsi egingo da.

Pieza horren ekoizpenean ere honako hauek hartu dute parte: Rosa Garcia Loire (zuzendaria) Ignacio Maquirriain eta Raul de la Fuente (argazkia), Miguel Hualde (soinua), Natxo Leuza (muntaia), Ignacio Galindez eta Juan San Martin (ekoizpena), Audionetwork (musika), eta Welldone (diseinu grafikoa).

Sarreren salmentarekin aterako den dirua Afrikan burutzen ari diren ekimen solidarioetara bidaliko da.

Mikel Urdangarin kantariak ere parte hartuko du larunbateko ekimenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button