BESTELAKOAK

“Bidaiarien Txokoa” datorren astetik aurrera

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Bidaiaren Txokoa programak, beste behin, bidaien eta abenturaren ikuspegi desberdina hurbilduko dio ikusleari apirilaren bigarren hamabostaldian. Hamahirugarren edizio hau, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan egingo da, eta Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan egon diren lan ederrez gain, Afrika edota Himalaya deskubritzeko parada eskaintzen duten hainbat ikus-entzunezko ere programatu dira. Horretaz gain, Pablo Mezzelani musikariak eskainiko duen Hego Amerikako musika kontzertu bat (apirilaren 28an), ipuin kontalariak, eta Begoñako liburutegian egingo den Kongori buruzko erakusketa bat ere antolatu dira.

Programazioa datorren hastean hasiko da, Santutxuko udaltegian. Hala, apirilaren 12an eta 14an, Mendi Film Festival jaialdian parte hartu duten zenbait film eta dokumental eskainiko dira: Tashi and the monk, Sunakal, A line across the sky, eta Eclipse. Apirilaren 26an, Zinekluben eskutik etorriko den emanaldia Euskara Munduan-Besteen Ahotan izenekoa izango da. Lan hori, euskaraz egiten duten atzerritarrengan eta horretara bultzatzen dituzten arrazoietan zentratzen da.

Bidaiaren Txokoa programak bidaiariak ekartzen ditu beti, eta aurten, Begoñako Udaltegiak, apirilaren 18tik aurrera, eta bi astez, euren bidaia-esperientzia kontatzeko hitzaldi zikloa eskainiko du. Hitzaldiak apirilaren 18an hasiko dira, Nepal guztia ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuen Iñigo Iruretagoienarekin. Guztira 74 egun, 2.000 kilometro oinez egiteko. Naroa Juaristik eta Martín Zabalok (apirilak 20, euskaraz) Mozambiken bizi izan zuten bidaia itzela kontatuko dute. Hurrengo astean, apirilaren 25ean, Onditz Jaureguik azalduko du Luisa Montecelorekin batera eta Renault Espace zahar batean, Afrika ekialdetik egin zuten bidaia, Etiopia eta Hego-Afrika artean, hainbat kultura ezagutuz .
Zikloa apirilaren 27an amaituko da, Jose Carlos Tamayo mendizale handi eta ezagunak eskainiko duen kontakizunarekin. Kasu honetan aparteko toki batez mintzatuko da Tamayo: Ennediri eta Tibestiri, Txad iparraldean dauden ekialdeko gune saharar basatia. Bidaia hori 4×4 auto batean egin zuen, kanpalekuetan lo eginez eta guztia gainean eramanez, ura lortzeko putzuak bilatzeko ahaleginak eginez.

Bestelako xehetasunak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button