MUSIKA

Malenkonia taldeak bigarren diskoa argitaratu du

Oñatiko pop bandak Homo Homini Lupus izenburuko bigarren lana aurkeztu zuen iragan astean. Diskoa zortzi abestiz osatuta dago, eta Mutrikuko AME Estudioan grabatua izan zen, Axular Arizmendiren teknikariaren gidaritzapean, 2012ko abenduan eta 2013ko urtarrila artean.

Lan berriaren izenburuarekin harira, ondokoa dio taldeak: “Homo Homini Lupus, hau da, gizakia otsoa da gizakiarentzat. Historian zehar hainbatetan errepikaturiko esaldia da, gaur egun berebiziko gaurkotasuna duena. Endekapen garaia da geurea, nihilismoarena, eta hainbat ankerkeriak inguratzen gaituzte; hala nola, totalitarismoa, kolonialismoa, arrazakeria, gerrak… geure buruaren hondamena, azken batean”.

Malenkonia 2002an eratu zen, maketa bat argitaratu eta zenbait lehiaketetan parte hartu ondoren (Danbaka, Euskadi Gaztea), taldeak Hegazkadak Dakar Ekaitza estreinako lana argitaratu zuen 2009an GOR diskoetxearekin elkarlanean. Disko hori Bartzelonako EH Sona jaialdian ere aurkeztu zuten.

Orain disko berria dute kalean, eta zuzenean aurkezteko irrikan daude. Pop kantu horiek zuzenean joko dituzten musikariak hauexek dira: Rober (gitarra eta ahots nagusia), Iñigo (gitarra eta koroak), Alain (baxua) eta Iñaki (bateria).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button