
Arkitektoak eta artistak, bereziki 60ko eta 70eko hamarkadetan, komikiaren hizkuntza eta ahalmena erabili dute ikonografia berria sortzeko. Joan den urrian Koldo Mitxelena Kulturunean Hiriko Fikzioak erakusketa abiatu zen. Hil honetako hondarretan begirada bat botatzeko abagunea izango duzue.
Komikia kultura produktu emankorra da oso, eraginik handienetako bat duena. Erakusketa honek komikia erdigunean duten bi bilduma berezitan du iturburua: Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundia bilduma eta Julian Armendariz bilduma. Lehenengoan, komikiak eta haiekin zerikusia duen guztiak bildumaren zati handi bat betetzen dute; bigarrena, berriz, eklektikoagoa eta heterogeneoagoa da.
“Hiriko Fikzioak erakusketak komikiari kultura produktu den aldetik heltzen badio ere, ez da komikiari buruzko erakusketa bat. Izan ere, beste arte manifestazio garaikide batzuei ere heltzen die: komikiaren estetikaren herentzia dutenei eta komikiaren hizkuntza baliabideak nabarmen erabiltzen dituztenei. Hiriko Fikzioak bildumak irudia kokatu egiten du, hiriarenaren arabera, eta, binetatik abiatuta, hirien zenbait errealitate sozialen inguruan eratzen den diskurtso zabal batera garatzen da”, dio bidali duten oharrak.
Erakusketan parte hartzen duten artistak Abarrots, Archigram, Judas Arrieta, Anouk De Clercq, Simon Faithfull, Javirroyo, Txuspo Poyo, Pushwagner, Pia Rönicke, Francesc Ruiz…dira



