ARTEA

“Límbica” deritzon proposamena, Bilbao Arten

OPN Studio osatzen duten Susana Ballesteros eta Jano Montañés artistek Límbica deritzon eskultura teknologikoen erakusketa paratu dute Bilbao Arten. Erakusketa  irekita egongo da publikoarentzat apirilaren 24ra arte.

Bilbao Arteko 2014ko artista egoiliarren artean, banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu dituen zazpi proiektuetako bat da honakoa.

“Límbica eskultura mekanikoez eta robotikoez osatutako zirkuitu emozionala da. Eskultura horiek denboran zehar gertatutako esperientzia subjektiboei buruzkoak dira, eta indibidualismoa, isolamendua eta gizabanakoa izaki sozialtzat jotzea bezalako gaiak jorratzen dituzte, gaur egun hain boladan dagoen lengoaia teknologikoaren bitartez”, adierazi du Susana Ballesterosek.

Ballesteros eta Montañés teknologiaz baliatzen dira gizakiaz hitz egiteko eta publikoarengan emozioak sorrarazteko: “Gure obra gaur egungo gizartearen isla da beti; teknologia berriak gure narratibaren adierazpidetzat erabiltzen ditugu”.

Erakusketak 3 esparru desberdin ditu, Diacrónica seriekoak. Lehenengo esparruan Sincrónica II eskultura robotikoa dago. Bigarren esparruan, Sincrónica I dago ikusgai. Kasu honetan mekanikoa da pieza, eta altzairu kromatuaz egindakoa. Azken obra Sincrónica III da, eskultura elektromekaniko erraldoia.

Susana Ballesteros eta Jano Montañés bikoteak osatzen dute OPN Studio. 2007 tik aurrera Europa eta Amerikan erakusketa ugari izan dituzte, Finlandia, Frantzia, Mexiko eta Dominikar Errepublikan. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button