Poesia Kaia jaialdia bi egunetan egingo da Lezoko Gezala Auditoriumean, eta hala, azaroaren 14an, 19:00etan, Tere Irastorzak eta Joseba Sarrionandiak solasaldi poetiko bat eskainiko dute, eta 15ean, hainbat poetek errezitaldia egingo dute musikarekin lagundurik. Poesia eta musika uztartzen dituen Poesia Kaiaren laugarren ekitaldiaren helburua poesia herritarrengana hurbiltzea izango da beste behin.
Diogun moduan, bihar bertan hasikoa da Poesia Kaia jaialdia, Lezoko Gezala Auditoriumean, Tere Irastorzak eta Joseba Sarrionandiak egingo duten solasaldi poetiko batekin.
Beste ekitaldia larunbatean egingo da, hilak 16, 19:00etan hasita. Bertan errezitaldi poetiko bat ondu da Beñat Arruti, Garazi Ugalde eta Juan Carlos Mestre poeten ahotsarekin. Poesia-lerroekin batera Itsaso Fernandezek klarinetearekin, Jon Makusok biolinarekin eta Tomas Rutik fagotarekin sorturiko musika hibridatuko da.
Joan den urtean jaialdian, Aurelio Aguirre Galarraga galiziar poeta handiaren inguruko hitzaldia antolatu zen. Antton Kazabon idazle oiartzuarra (euskaraz), eta Xosé Estevez historialaria (galegoz) aritu ziren poemak irakurtzen. Aurora Luque 2022ko Poesia Sari Nazionalak eta Maite Lopez de las Heras Safo poetaren euskaratzaileak hitzaldi-errezitaldia ere egin zuten.
Eta azken egunean, Luis Garde (Euskadi Saria 2016), Lizar Begoña (2020an Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa irabazlea), Fermin Herrero (poeta eta irakaslea, Espainiako Kritikaren Saria 2016), eta Mikel Arruabarrena (gipuzkoar poeta eta fisikaria) bildu ziren, Jon Makuso musikariarekin batera.