MUSIKA

“Piztuta! Euskal Kultur Begirada” programa, Iruñean

Txalaparta izango da Piztuta! Euskal Kultur Begirada programan presentzia handia hartuko duen instrumentua. Hiri horretako La Rocha eta Sanduzelaiko Civivox zentroetan maiatzaren 13tik 28ra garatuko da programa hori, tailer, kontzertu, musika, dantza ikuskizun eta haurrentzako jarduera ezberdinak bilduko dituena.

Gaur abiatuko da ekimena kontzertu eder batekin. Anai Gambrak eta Mikel Urrutiak osaturiko bikotearen proposamena izen bereko diskoan du jatorri: Baratzean. 2018an plazaratua, diskoan beren esperientzia musikal batzuk erakutsi zituzten, txalapartaren inguruan 7 urtez lanean aritu ondoren. “Baratzean hazten dira gure ametsak, eta bertan, gai erritmikoak ageri dira egurrezko txalapartarekin joak; harrizko txalaparta erabiltzen dugu gai melodikoak jotzeko, hori guztia baratzeko hainbat bidoiz egindako perkusioak lagundurik”.

Datorren asteko barikuan, Txala Tap musika eta dantza ikuskizuna programatu da. Txala Tap Aura Teatro taldearen sorkuntza da. Klake-dantzari bat bi txalapartarirekin batera aritzen da, erritmoz eta mugimenduz beteriko ikuskizuna emateko. Errepertorioan askotariko piezak daude sarturik, batzuk umorez zipriztinduak, hots, jazz musika, erritmo afrikarrak eta ekialdekoak, euskal printza batzuekin batera.

Maiatzaren 27an, antzerkiaren txanda izango da. Biba Voi! Dario Fo eta Franca Rame akorduan  piezan dramaturgo italiarren testu hautatuak euskarara ekarriak erabiliko dituzte Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreek irakurketa dramatizatua egiteko.

Horretaz gain, eta esan dugun moduan, haurrentzako jarduera pilo bat egongo dira.

Programazio osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.