
Urrian abiatu zen Amarika Aretoan, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolaturiko Piko Zulueta artistaren La mar de fondo erakusketa. Aste honetako igandera arte, argazki bereziekin gozatzeko azken aukera duzue.
Hondoko itsasoa da haizeak itsas zabalean sortarazten dituen olatuak, sortu den tokitik kanpora zabaldu eta oso urruti heldu ahal dena. “Hondoko itsasoak kostaldeko geografia zeharkatzen du, noraezean baina autorearen oroimen eta eskarmentuei lotuta. Izan ere, lurraldearekin, itsasoarekin eta olatuekin dudan harremanaren isla da”, adierazi du egileak.
Argazki bakoitzean, koadro bat edo eszenatoki bat balitz bezala, hondoko itsasoa ageri da beti. Iraganeko oroimenak dakartzan dekoratua, non argazkilariaren begirada ostertzean galtzen den, non urak berun koloreko zerua dakarren, akaso, hondoko itsasoaren zain.
Horrela deskribatu du artistaren lana, katalogoan idatzi duen Alberto Prieto Aguado adituak: “Autoreak berak egiten dituen kamera estenopeikoen erabilera dela medio, ikusleak kolore zuri eta beltz lausotuez osatutako irudiak ditu aurrean, ingerada gutxi-asko fokuragabeak edo mugituak. Esposizio denborak, segundo batzuetakoak, olatuen joan-etorriak continuum irreal bihurtzen ditu, itsaso lainotsu baten antzera”.