IKUS-ENTZUN

Muturreko abenturak Bilbao Mendi Film Festival Jaialdian

Bilbao Mendi Film Festival Jaialdia, mendiari buruzko zinemarik onenetako bat da. Urtero, natura berezi horretan garatutako hainbat muturreko kirol ikusteko parada eskaintzen du Bilbon egiten den jaialdi honek. Horren adibidea da aurtengo irudia, non Alex Honnold eskalatzailea agertzen den Yosemite haranean, Half Dome horma handia, era askean eskalatzen.

Aurten, abenduaren 13tik 22ra, hogeita zazpi herrialdetako 40 film, nazioarteko entzute handiko hainbat gonbidatu eta jarduera paralelo ugari izango dira. Egitarau oparo horren eskutik, 10 egunez mendiko eta abenturazko kirolen eta zinemaren hiriburu bihurtuko da Bilbo.

Aste horretan, aukera paregabea egongo da mendiko eta aire libreko abenturazko kirolei buruzko film dokumental onenak ikusteko. Gure begien aurrean eskalada, alpinismo, goi-mendi, surf, eski, snowboard, mountain bike, BASE jauzi, mendiko lasterketa, piraguismo, espeleologia eta beste hainbat jarduerari buruzko lanak pasatuko dira.
Hala, Karakorum, Groenlandia, Borneo, Andeak, Koloradoko zintzurra, Mexikoko eta Venezuelako oihana ikusi ahalko dira bertatik bertara.

Abenduaren 21ean, larunbatez, Mendiko Zinemaldiaren itxierako saioan, Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko ditu lehian izan diren 40 filmen artean 11 eguzkiloreak: film onena, zuzendari onena, gidoia, argazkia, film labur onena, euskarazko film onena, mendizaletasunari buruzko film onena, eskaladako film onena, abenturazko kirolen film onena, natura eta kulturari buruzko film onena eta epaimahaiaren saria. Ikus-entzuleek, berriz, publikoaren saria bozkatzeko aukera izango dute.

Emanaldiez gain, jaialdiak bestelako jarduera paralelo asko ere antolatu ditu kirolari handien eskutik (erakusketak, gazteentzako zinema-proiekzioa, komikien erakusketa, argazkigintza-ikastaroa, mahai-ingurua, Slackline, eta abar).

Hiritik agertuko diren izen handien artean, Krysztof Wielicki, Adam Bielecki eta Denis Urubko alpinista handiak aurkituko ditugu. Jimmy Chin argazkilari eta alpinista ere ikusi ahalko dugu.

Jaialdiaren web-orrialdean kontsulta daiteke egitarau osoa.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button