
Liburu hau finalista izan zen 2024ko DK Poesia Sarian, eta orain Balea argitaletxeak kaleratu egin du.
Ahizpa beltza lanaren gaineko xehetasunak argitaletxeko lagunek luzatu dizkigute: “minaren erraietara egindako bidaia da, eta indarkeria sexuala, suizidioa, autolesioa, eskola-jazarpena, gaixotasuna, biolentzia medikoa edota substantzien abusua bezalako gaiak jorratzen ditu, gordintasunaren eta lirismoaren bidegurutzean, poesia eta prosa poetikoa tartekatuz. Bildumako testuek zauriei beste leku batetik eta elkarrekin begiratzeko gonbita egiten dute, ilunean distira egiten duten izakiak existitzen direla oroitaraziz.”
Autoreak berak honela azaldu du lanaren xedea: “Aipatutako esperientziak bizi izan badituzu, posible da esku artean duzun liburuak barruan daramazun guztia (eta agian kanpoan izan beharko lukeena) astintzea, nahastea, zure hesteetan ezkutatzen den animaliak begiak ireki eta hozka egitea. Baina amaieran eskua emango dizut, ez zara bakarrik egongo. Eta beharbada nire hitzek eragindako min hori guztia desegiten hasiko da, zerurantz euritzen, zauriek desertuaren bihotzean konstelazio beltz eta argitsu bat ehuntzen duten arte”.
Iosune de Goñi García (Burlata, 1993) idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da. Bereak dira Iparreko basoak (Egile Berriendako XXVIII. Literatur Lehiaketa, 2019), Gorputz baten aztarnak elurretan (Pasaia Hiria-Xabier Portugal Poesia Saria, Bermingham, 2022) eta Itzalak uraren azpian (Egile Berriendako XXXI. Literatur Lehiaketa, 2022) poesia lanak.