
Bilboko Zirkuituak bere hamaikagarren edizioa hasiko du gaur, apirilaren amaierara arte euren antzerki eta dantza ikuskizunak aurkeztuko dituzten bertako hamaika konpainiarekin. Programazioa gaur berton (otsailaren 23an) hasiko da, Otxarkoagako Udaltegian, Miren De Miguelen So in love musika lanarekin.
Hiruhileko honetarako proposamenen artean dantza, kabareta, bakarrizketak, musika antzerkia, clowna eta zirkuko arteak jasoko dira zenbait konpainiaren eskutik. Hala, hamaikagarren edizio honen hasieran eszenatokira igoko diren konpainiei dagokienez, zerrenda horretan, jada ohikoak diren Tandem Teatro, Totum, Plataforma Tirante edo Mamma Crea taldeak daude, egitarauan lehenengoz dauden konpainiekin eta artistekin batera, Verónica Fernández (FTI), Miren De Miguel antzezle eta sopranoa edo Nuria Pérez dantzaria, besteak beste, Katastrofen, Bueltaka Taldea eta Liadas en Escena taldeez gain. Aipatu behar da, gehienak, emakumeek sortutako eta eszenaratutako lanak direla.
Bertako antzerki talde amateurrei eta erdi-profesionalei euren lanak aurkezteko aukera emateaz gain, Kultura eta Hezkuntza Sailaren programak hiriak duen kultur eskaintzaren deszentralizazioa ere bultzatzen du, izan ere, antzerki emanaldiak, beste eskaintza eszenikoak heltzen ez diren hiriko auzoetan eskainiko baitira.
Hala, Otxarkoagako, Begoñako, Abando-Barrainkuako, Altamirako, Castañoseko, San Frantziskoko, Basurtuko, eta Errekaldeko udaltegiek, Zurbaranbarri ikastetxe publikoak eta Solokoetxeko institutuak, bertako hamaika konpainiaren lanak jasoko dituzte apirilaren 27ra arte. Funtzio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Nor, zer eta zein ordutan ikusi nahi baduzue begiratu hemen.



