MUSIKA

Morau, Audience eta MICE Larrabetzun izango dira asteburuan

Ostegunetik igandera bitartean izango da zer ikusi eta entzun Larrabetzun, hiru kultur hitzordu interesgarri izango baitira. Hasteko, ostegunean, 19:00etan, Anguleri kultur etxean, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea eta Andoni Tolosa Morau kantagilea bilduko dira.

“Idazleak Zu entzuteko gaude liburua aurkeztuko digu, tarteetan Morau kantagileak Egunsentiak alperrentzat disko berriko kantak joko dizkigu”, iragarri dute antolatzaileek.

Xabier Mendigurenek triptiko bat ekarri du oraingoan Zu entzuteko gaude liburura. Hiru ipuin eta hiruretan emakumeak protagonista, eta horien bidez, bakardadeaz, menpekotasunak dituztenen zaintzaz eta horrek ekar dezakeen sakrifizioaz, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukeraz hitz egiteko beta hartuko du idazleak.

Andoni Tolosa Morau kantagileak, halaber, zaintzaren inguruan ardaztutako lana grabatu du, Egunsentiak alperrentzat; hots, alzheimerra izan zuen amaren zaintzak eragin dion musikaz ondutako diskoa. “Morauren bakarkako lehen lan luzea. Amarekin, goizero, egunsentiaren ahoan, dozena bat urtetan egindako paseoen kontakizuna. Bizitza puskak, disko intimista batentzat”.

Larunbatean, Audience banda gernikarrak Isla diskoa aurkeztuko du Hori Bai gaztetxean, 20:30etik aurrera. Kuban grabatutako diskoa da, hango musikarien ekarpenarekin, eta ukitu latinoa nabarmena izangatik ere, askotariko kantuak biltzen ditu.

Azkenik, igandean, Miren Narbaiza MICE musikariak bere estreinako laneko kantuak joko ditu Hori Bai gaztetxean, 18:30ean. Tentsio handiko pasarteekin eta une intimoekin jositako lan plurala eta pertsonala da MICEren estreinako lan homonimoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button