IKUS-ENTZUN

Paris ardatz duen “Zinema eta Hiria” zikloa, Bilbon

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak Zinema eta Hiria ziklo berezia abiatuko du gaur, Paris hiriaren figuran oinarriturik. Emanaldiak hilero izango dira, azken asteazkenetan, Ordezkaritzako areto nagusian, 19:00etan hasita.

Antolatzaileen esanetan: “Zikloak benetan eraikitako hirian proiektatzen den hiri-iruditeria zabala taularatzen du, hiri modernoaren formaren ezaugarri izan ziren espektatibek, bizimoduek, proiektuek eta beldurrek osatutako egitura sinboliko trinkoa osatuz. Filmen zikloak, Frantziako eta Europako zinemagintzako funtsezko pieza batzuk ezagutzeko edo berrikusteko aukera ere ematen du, eta, horrez gain, zinemak hirietako bizitza irudikatzeko eta berreraikitzeko duen moduarengatik interesa duten ikus-entzuleentzako topagunea eskaintzen du”.

Hortaz, Elkargoak Parisko hiriari gorazarre egiten dioten bost zinema-saio proposatzen ditu maiatzera arte. Lehen filma, gaur berton pantailaratuko dena, Jean Vigoren L’Atalante lana da, surrealismoaren eta errealismo poetikoaren arteko drama erromantiko bat.
Otsailean Louis Malleren Milou en Mai (1989) filmak familia burges baten gatazka kontatuko du, 68ko maiatzeko ikasleen matxinadek sortutako hondoko zaratarekin.
Martxoan ikusi ahal izango den Les quatre cents coups (1958) filmean, François Truffautek modu erratikoan zeharkatzen ditu hiriko kaleak, familiaren eta eskolaren esperientzia jasanezinetik ihes egiten saiatzen den bitartean itsasoaren bila dabilen ume baten begiradaren bidez.
Apirilean, Marcel Carneren Les enfants du paradis (1945) filmak, 1820ko Parisera eramango gaitu, zinemaren eta antzerkiaren arteko elkarrizketa poetikoa proposatzeko.
Zikloa maiatzean amaituko da Wim Wendersen Paris Texas lanarekin (1984).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.