MUSIKA

Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea eta Stanley Clarke, Jazzaldian

Donostiako 49. Jazzaldiak dagoeneko iragarri ditu programazioko zenbait artistaren izenak, besteak beste, Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea eta Stanley Clarke, John Scofield eta Dave Holland.

Horiekin batera, Muhal Richard Abrams, Enrico Rava, L’Ochestre d’Hommes-Orchestres, Wadada Leo Smith, Ibrahim Electric eta Renée Marie artistak ere arituko dira.

Azpimarragarria da oso, Ray Davies musikariaren parte-hartzea, jazz musikaria izan ez arren. Davies The Kins rock talde ingeles mitikoaren liderra izan zen. Musikari ingelesa egun disko berria ontzen ari da, eta lan horretan Americana: The Kinks, The Riff, The Road: The Story izenburuko bere memorien liburuko hitzak erabiliko ditu; halere, seguru Donostiako kontzertuan bere ibilbide luzean idatzitako makina bat doinu ezagun ere joko dituela.

Bestalde, Chick Corea eta Stanley Clarke batera arituko dira, aurretik Return to Forever jazz-fusioko proiektuak egin zuten lez; Dave Hollandek Prism abangoardiako proiektua aurkeztuko du; John Scofield birtuosoak gitarra emanaldia egingo du; eta, amaitzeko, ezin ahaztu, Don’t Worry Be Happy doinu arrakastatsuaren egile den Bobby McFerrin.

Zerrenda horretara, pixkanaka, izen gehiago gehituko dira. Jaialdiaren arabera, “Donostiako udako hitzordu musikal honetan ohikoa den bezala, izar handiak izango ditu eta distira bereziz egingo dute argi Jazzaldiaren agertoki paregabeetan: Trinitate Enparantza, Kursaal Auditorioa, jada aipatutako Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, Zurriolako hondartzako Agertoki Berde ospetsua, Kursaaleko Terrazak edota beti harrigarria gertatzen den Nauticool”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button