Bihar, hilak 15, Igorreko Lasarte Aretoan, eta Poesia Hegalaria literatur-talde arratiarraren eskutik, Ordaindu gabeko letra bat euskarazko errezitaldia egingo da, Blas de Oteroren poesia ardatz hartuta.
Una letra impagada-Ordaindu gabeko letra bat da poetaren antologia elebiduna. El Gallo de Oro argitaletxeak Blas de Otero Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren babespean kaleratutako liburu honetan, hamaika poeta euskaldunek beren ahotsak eta izenak gehitu dizkiote Gabriel Arestirenari, zeina Blas de Oteroren lagun mina izan baitzen, eta haren lana euskarara itzuli zuen lehena.
Bertan parte hartu zutenak Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Beabe, Gerardo Markuleta, Felipe Juaristi, Leire Bilbao, Luigi Anselmi, Kirmen Uribe, Beatriz Chivite, Harkaitz Cano, eta Aritz Gorrotxategi izan ziren. Pido la paz y la palabra liburuaren poema bat aukeratu eta euskaraz jarri zuten errekonozimenduz eta zentzuz betetako antologia elebidun txiki bat osatuz.
“Letra impagada” hori da (kendu egin zioten ama hizkuntza, eta beti damutu baitzitzaion ez jakitea), “Euskera egin dezagun” poeman aipatzen dena, antologiaren izenburua da.
Poesia hegalaria taldearen barruan Pablo Cabañas, Irune Elexpe, Ana Juez, Carmen Martinez, Idoia Carramiña eta Javier Arnaiz daude. Errezitaldian Oteroren poemak euskeraz irakurriko dituzte eta Alberto Egiak musikarekin girotuko du irakurraldia.
Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan Jose Fernandez de la Sota, Blas de Otero Fundazioko presidentea ere izango da.