MUSIKA

Orbelaren soinuak

Udazkenarekin batera, disko piloa argitaratuko dute Euskal Herriko diskoetxeek. Horien artean, gainera, autoekoizpenak ere izango dira. Uzta oparoa da, eta lanok plazaratu heinean banan-banan aztertuko ditugu. Dena dela, horra aurrerapen bat.

Napoka Iria bikoteak iragan urtarrilean Bergarako Zabalotegi aretoan grabaturiko zuzeneko lana kaleratu du, Lehertarazi edifizioak. Diskoak zortzi kantu biltzen ditu eta jada eskuragarri dago.

Jabier Muguruzak, halaber, Bikote bat lana grabatu zuen ekainean eta Madrilgo Resistencia diskoetxeak plazaratuko du. Ruper Ordorika musikari ezagunaren kantu berriak entzuteko parada ere izango dugu hurrengo hilabeteetan. New Yorken grabatu ditu kantu berriak eta Elkar argitaletxeak argitaratuko ditu. Argitaletxe horrek Mikel Markezek lana ere kaleratuko du: Hiri hartan izan zen. Rafa Ruedak, halaber, autoekoizpenaren bidea hautatu du Enaren nekea grabatzeko.

Zuzeneko diskoei dagokienez, Mikel Urdangarinek iazko abenduan Bilboko Kafe Antzokian grabaturiko kontzertua diskoan jasoko du. Horrez gain, Xabier Letek 1999. urteko irailaren 25ean Errenterian eginiko emanaldia plazaratuko du Elkarrek.

Bestalde, nabarmentzekoa Xabier Montoia musikari eta idazleak lan berria argitaratuko duela hamar urte eta gero. Grabazioan Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodrigez (Eten, Le Noise) musikarien laguntza izan du. Kantuek kutsu klasiko omen daukate. Diskoa, antza, Bidehutsek argitaratuko du.

Bidasoaldeko kolektiboak, gainera, beste hiru lan plazaratuko ditu urte amaitu baino lehen: Inoren Ero Niren Fregoli, Lisabören lan berria eta Gabon Caligularen estreinako grabazioa, Pleiztozenoko Astelehenak. Adi, azken lan horren hautsak harrotuko baititu. Bertan, Aida Torresek (Lisabö ohia) astintzen ditu danborrak eta Baxik (Akauzate ohia) abestu ez ezik, gitarra ere jotzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button