
BilbaoArte Fundazioak udako oporraldia baino lehen egin ohi duen Oporraldian Irekita erakusketa ondu du. Aurtengoa, hamargarren edizioa izango da eta Bilboko Michel Mejuto galeriarekin antolatu du lankidetzan. Izan ere, aurtengo proposamena, Carla Andrade artistaren Tiempo vertice, galeria horretan izango da ikusgai uztailaren 17tik abuztuaren 31ra bitarte.
Andradek BilbaoArte zentroaren beka jaso du 2013an, eta erakusketa horretan paisaiari buruzko azken lan fotografikoak paratu ditu.
Artistaren hitzetan, “Tiempo vertice erakusketak hiru argazki-proiektuetako, Paths To Land, Paisaxe suspendida eta Primary Mist Landscapes, aukeraketa bat da”.
Paisaia da ardatza, jatorrira itzultzeko kontzeptu gisa, gure ni-a naturalenera, primitiboenera eta basatienera. Hortaz, inkontzientearekin lotuta dago. Hala, erakusketa osatzen duten irudiok gogoeta egiten dute denboraren mugimendu bikoitz eta paraleloaren inguruan; lineala eta zirkularra.
Jatorrira itzultzeko saiakerak dimentsio mitiko bat dauka, espazio irrazionalean dagoena, ikusezinean, misteriotsuan… Horrek guztiak izaera boteretsu eta eskuraezina ematen dio naturari.
Carla Andrade Arte Ederretan Lizentziatua da, eta egun, Filosofia ikasten ari da, eta argazki tailerrak egin ditu Bernard Plossu eta Vari Caramésekin, besteak beste.