ARTEA

Artista handi biren arteko topaketa

Bilbo Arte Ederren museoan, makina bat topaketa ondu dira bertan dagoen artista-zerrenda oparoari esker, artean dagoen sormen-asmoen aniztasun izugarria erakusteko. Orain, programari amaiera emateko, artista handi biren arteko topaketa antolatu da: Godofredo Ortega Muñoz (San Vicente de Alcántara,1899-Madril, 1982) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002).

Bidean dagoen erakusketan 21 artelan bildu dira. Hamabi, Chillidarenak: zazpi eskultura (terrakotazko bi eta granito, alabastro, altzairu, harri eta zurezko bana, eta paperean egindako bost obra), eta beste bederatziak Ortega Muñozen margolanak dira. Gainera, bi artisten obrari buruzko zertzeladak bildu dira museoak argitaratu duen eta González de Duranaren testuak dituen katalogoan.

Museoak berak azaldu du bi artisten norabideak: “Belaunaldi desberdinetakoak izan arren, Chillidak eta Ortega Muñozek bat egin zuten zenbait aldiz, bai pertsonalki bai erakusketetan parte hartuz, 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Material eta teknika desberdinak erabiltzeaz gain –Chillida eskultore batik bat, eta Ortega Muñoz margolari–, elkarrengandik oso urruneko moldeetan eta xedeekin ibiltzen ziren, kontzeptualki oso harreman txikia zuten edo harremanik ez zuten munduetan. Chillidak nora goazen irudikatzen zuen –hizkuntza abstraktu pertsonal baten asmakuntza–, eta Ortega Muñozek, berriz, nondik gatozen –errealismoa pinturaren genero arruntetan–. Orduan, inork ez zuen sumatu haien arteko lotura edo harremanik, aurkakotasuna baizik. (…) bi-biek dute moda eta taldeetatik kanpoko nortasuna, baita beren bilaketen eta aurkikuntza artistikoen defentsa koherentea ere”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button