IKUS-ENTZUN

39. Euskal Zine Bilera

Euskara hutsean egiten den Zine Bileraren 39. edizioa urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da Lekeition. Euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko.

Lehiaketak bi kategoria ditu, profesionalena eta amateurrena. Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Aurtengo epaimahaia honakoek osatuko dute:  Iñaki Billelabeitia, Sara Cozar, Tessa Andonegi, Asier Bilbao eta Asier Hormaza.

Aurten, gainera, Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa martxan ipini du, Euskal Zine Bileraren helburuetariko bat baita sorkuntza eta partaidetza sustatzea. Hori horrela, guztira 16 lan aurkeztu dira eta jadanik irabazlea aukeratua izan da. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK Aretoan egingo den prentsaurrekoan plazaratuko da.
Bestetik, 2015eko 38. Euskal Zine Bileran 3.000 euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera izango da.

Lekeitioko Udalarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz antolatzen du Euskaltzaleon Topaguneak sari hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button