IKUS-ENTZUN

“Luzetu Barik” film laburren lehiaketa, Igorren

 

Igorreko Udalak berriro jarri du martxan Luzetu Barik lehiaketa, euskaraz egindako film laburren ekoizpena sustatzeko asmoz. Aurtengoa, hirugarren edizioa izango da.

Lan guztiak euskaraz izan beharko dira, eta minutu bat eta 15 minutu arteko iraupena izan beharko dute. Gazte eta umeen sailetan telefonoarekin grabatutakoak ere onartuko dira; horrela ekipo garestien beharrizanik gabe parte hartu ahal izango dute, baina helduen lanak DVD formatuan aurkeztu beharko dira derrigor.

Film guztiak Igorreko Kultur Etxean aurkeztu behar dira, edo bestela bertara bidali (Igorreko Kultur Etxea Elexalde 8, 48140 Igorre) abenduaren 12rako. Honekin batera, egilearen izena, abizenak, jatorria, telefono zenbakia eta zein kategoriatan parte hartuko duen esanda, fitxa bat eman behar da, eta lanaren argazki bat ere bai.

Lehiaketak lau sari mamitsu banatuko ditu: film labur onenarentzat 1000 euro; Arratiako egile onenarentzat 600 euro; 14 eta 25 urte bitarteko gazteen kategoriarako saria 500 eurokoa izango da, eta umeentzat (7 eta 14 urte bitartekoak) 200 eurokoa. Sariok profesionalekin osatutako epaimahai batek erabakiko ditu.

Informazio gehiago eta oinarriak, Igorreko Udalaren webgunean eskegita dituzue Albisteak sailean. 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button