IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da “Laburbira” film zirkuitua

Apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean, Euskal Herri osoan zehar ibiliko da Laburbira ekimena, edizio honetan aukeratutako zortzi film laburrak pantailaratuz. Guztira 29 herritan ikusi ahal izango da XVIII. Laburbira. Lehenengo hitzordua gaur izango da, apirilak 26, Ordizian, eta azkena, maiatzaren 30ean, Larrabetzun.

Aurtengo Laburbira helburu sendo batekin abiatu da: sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz, gainera, orain inoiz baino gehiago, kulturak eta ikus-entzunezkoak hauspoa behar dutelako.

Jasotako film labur guztien artean zortzi aukeratu dira beraien istorio eta kalitate nabarmenagatik eta jaialdietan izandako harreragatik. Horietariko batzuk Zinebi eta Mendifilm Festival jaialdietan aurkeztutako lanak izan dira, eta beste batzuk bestelako lehiaketetan  (Huhezinema eta Kameratoia) ere sarituak izan dira.

Hortaz, apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean ikusgai izango diren lanak honakoak dituzue: Aterpean ateri (Ruben Crespo), Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga), Game Over (Ilune Diaz), Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua), Babarrun txapelketa (Andoni Martinez de Madina eta Julen de la Serna), Datsegit (Aitor Arruti), Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet) eta Agur (Iñigo Acha).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button