BERTSOTAN

Oihana Iguaran finalaurrekoan aurrera, 688,5 puntu bilduta

Donibane Garazin jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoan, 1350 bertsozaleren aurrean, Oihana Iguaranek lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela 688,5 puntu bilduta.

Finalaurrekoen lehenengo itzulian egin beharreko ariketak burutu dituzte bertsolariek gaur ere: zortziko handian eta txikian lehenengo, puntutan, seiko motza eta ganbarako lana azkenik: “Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena”.

Hala, Garaziko Jai Alaiko saioan, bigarren Amets Arzallus geratu da 688 punturekin; hirugarren, Nerea Elustondo 628 punturekin; laugarren Asier Azpiroz 616,5 punturekin; bosgarren Haritz Mujika 615 punturekin; eta seigarren Aitor Etxebarriazarraga 612 punturekin.

Finalaurreko fase honetan hogeita lau bertsolari ari dira lehian, izena eman duten 2017ko bost finalistak eta lehenengo faseko saioetatik sailkatutako hemeretzi bertsolari, hain zuzen.

Finalaurrekoek bi itzuli izango dituzte: lau saio izan dira lehenengo itzulian, hiru dira bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute.

Finalari dagokionez, zortzi bertsolari lehiatuko dira Abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan: Maialen Lujanbio, 2017ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutako zazpiak.

Hala, hiru saiotan banatuko da finala: zortzi bertsolariak jardungo dira goizeko 11:00etan hasiko den saioan, arratsaldeko 16.00etan hasiko den bigarrenean bezalaxe. Era horretan, puntu gehien bildutako bertsolarien buruz burukoarekin emango zaio amaiera finaleko saioari. Egun osoko jardunean puntu gehien eskuratu dituenak jantziko du, hortaz, 2022ko BTNko txapela.

Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 5ean izango da Irungo Ficoban, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kantuan ariko diren bertsolariak Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus , Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira.

Finalaurreko saioetarako sarrerak  bertsosarrerak.eus atarian duzue eskuragarri.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button